Itsas - ibai eragilekin Itsas hondakinei buruzko parte-hartze tailerrak. "Arazoa, esperientziak eta hobekuntza proposamenak"
Otsailean, Pasaiako badian beren jarduerak egiten dituzten eragile ezberdinekin hasi gara lanean: Arraunketa, piraguismoa eta nautikako klubak, arrantza sektorea, portuko agintaritza, eta abar luzea, era askotako erakundez osatutako talde anitza, zoritxarrez “plastifish-ez” betetako gure badia honetan eguneroko jarduna burutzen dutenak. Plastikoaren inbasio hau hainbat lekutan ikus daitekeela esan digute eta forma harrigarriak hartzen dituela, denak nahiko kezkagarri eta izugarriak: poliespan pilotak itsasontzi desberdinetako brankak inguratzen omen dituzte, erabilera bakarreko plastikozko botilak marea gora eta bera beren kaxara ibiltzen direla; zigarro punta eta tabako paketeek ere gure txoko xarmanenak kutsatzen ari dituztela, izan ere, gogoratu zakar mota hau izan dela gehien aurkitu dutena gure txikiek egindako garbiketetan. Batzuk, eguna hasten omen dute zaborra biltzen bere jarduna normaltasunez burutzeko; beste batzuek, arrauna lagun, toalita diabolikoen aurrean defendatu behar dute bere burua egunero aurrera egiteko, itsas sakonetik tristura handiz esaten digute nola gure Jaizkibel parean plastiko eta lata tonak biltzen diren itsas hondoko zuloetan, gehienak, bere badia maitea zabortegi bihurtuta ikusirik, amorruaz gainezka daudela nabaria da.
Kontzientzia falta da, esaten digute, ez gara ohartzen lurrean kudeatu gabeko zabor guztiak, inor arduratu gabe, gure badiara “erorita” ingurunean betirako finkatuko diren zaborrak direla. Hurrengo belaunaldiei uzten ari diegun “ondarea” da, hankaz gora utziko diegun guztion etxea.
Itsaso eta badia garbi bat MATER eta Plastifisharen Kostera proiektu beraren helburu izanik, datuak biltzeko lanari ekin diogu lehenik egoeraren diagnostikoa egiteko guztion ekarpenekin. Momentuz 5 saio egin dira eragile ezberdinekin badia inguruan non zaborren banaketa mapa hasi dugun marrazten eta bakoitzaren gaiarekiko esperientzi eta iritziak jaso diren.
Lana hasi baino ez dugu egin, eragile asko baikara badian eta Oiartzun arroan orokorrean itsaso eta uretara begira bizi garenak. Baina dudarik gabe lan oso erakargarria da, denak norabide berdinean arraun eginez, denak ontzi berdin bateko kide izanik, helburu amankomun baterantz lanean batuz: Badia garbi baten alde!

Portu Agintaritzan parte-hartze tailerra. Pasaia 12/02/2020.

MATER Ontzi Museo Ekoaktiboan itsas eragileekin parte-hartze tailerra. Pasaia 13/02/2020.